lazarragasariak-1

Lazarraga Sariek Araban euskaraz eredugarriak diren entitateak aitortu dituzte

Aiaraldea Kooperatiba Elkarteak, Trebiñu Sagardotegiak, Baiona Hortz Klinikak, Gamarrako Ostalaritza eskolak eta Paul Urkijok jaso dute saria.


Erritmoa, indarra eta emozioa bizi-bizirik izan dira gaur ospaturiko Lazarraga Sarien bosgarren edizioan. Aiaraldea Kooperatiba Elkarteak, Trebiñu Sagardotegiak, Baiona Hortz Klinikak, Gamarrako Ostalaritza eskolak eta Paul Urkijok jaso dute saria, Arabako alor sozioekonomikoan euskararen alde egindako lanaren errekonozimendu gisa.

“Lazarraga aitzindaria izan zen euskaraz idatzi zuelako; haren izena hartu duten Lazarraga Sariak ere aitzindariak dira eta saritutako enpresak ere aitzindariak dira; euskararen normalizaziorako bidea urratzen aitzindariak”. Hori da sariketa ekitaldiaren funtsa eta horrela adierazi dute Lanabes Araban Euskara Lanean egitasmotik, Arabako Lurralde Historikoko arlo sozioekonomikoan euskararen presentzia txertatzeko eta handitzen laguntzeko sorturiko ekimena, eta Lazarraga Sarien talde sustatzailea: Arabako Foru Aldundia, SEA – Arabako Enpresak, Arabako Merkataritza eta Industria Ganbera, Aenkomer – Arabako Merkataritza eta Zerbitzuetako Enpresariak, Electra Vitoria, Oreka It, Laneki eta Bai Euskarari Elkartea.

Euskaraz lan egin, euskaraz irabazi

Gasteizko Artium museoan ospaturiko sari banaketan lurraldeko enpresa , administrazio eta elkarte askoren ordezkariak izan dira, Lanabeseko talde eragilearekin batera eta antolatzaileak diren Arabako Foru Aldundiarekin eta Bai Euskarari Elkartearen ondoan. Nabarmena izan da Arabako Batzar Nagusietako eta Gasteizko Udaleko ordezkaritza zabala eta alderdi ezberdinen parte-hartzea: EAJ, EH Bildu, Podemos, PSE-EE-ren presentziarekin; bai eta Lurralde Historikoaren enpresa edo kulturaren alorretako ordezkaritzarekin, besteak beste.

Anakoz Amenabarrek, Arabako ALEAtik, eta Edurne Begiristainek, Berria Taldetik, gidatu dute sariketa ekitaldia, La Pulga taldeko gitarra eta dantzaren erritmoaz lagundurik.

Elkartasuna eta poza izan dira nagusi ospakizunean, batez ere, protagonisten artean. Antolatzaileen ordezkariak ere ilusioz zuzendu dira bertaraturiko pertsonei, saridunei eta komunitateari, orokorrean.

Baikortasunez hitz egin du Rober Gutiérrez-ek, Bai Euskarari Elkarteko zuzendariak. Aurkezleak esan bezala, “euskarari baietz esaten diolako, baietz elkarrekin eragiteari, baietz aurrerapausoak emateari, baietz etorkizunean balioa gehitzeari”.

Gutiérrez-ek baieztatu du lurraldearen garapenerako, ezinbestekoa dela jarrera aktiboa lantzea; eta azaldu du “euskara sustatzen duen pertsonak, berrikuntzaren, aniztasunaren, bizikidetzaren, kohesioaren eta gure komunitatearen garapenaren alde egiten” duela. Beraz, “lurraldearen eraldaketaz ari garenean, enpresen hizkuntza kudeaketan eragitea eta transformazio-prozesuan parte hartzea beharrezkoa da, berrikuntza aberasgarria lortzeko”.

Ekitaldiarekin jarraitu baino lehen, Bai Euskarari Elkarteko zuzendariak Lanabes talde eragilearen eta Arabako alor sozioekonomikoaren erronka gogorarazi eta nabarmendu du: “Administrazioaren eta enpresa handien lidergoa eta eredugarritasuna baliatuta, Arabako era guztietako enpresetan euskara sustatzeko (eta kudeatzeko) sentsibilizazioan eragin behar dugu, ereduak, baliabideak eta aukerak eskainiz, zubiak eraikiz (Hezkuntza eta enpresen artean, esate baterako), barne zein kanpo komunikazioa landuz, elkarlanean eta ilusioz”.

Azpimarragarria da, era berean, Arabako Foru Aldundiko Ramiro Gonzalez de Vicenteren, Ahaldun Nagusiaren mezua. Gonzalez de Vicentek esan duenez, “Aldaketak ari dira ematen eta, pixkanaka, euskara sustatzea eta erabiltzea onuragarria dela jabetzen ari dira bai enpresak, bai merkataritza eta ostalaritza, bai bestalako entitateak ere.  Gaineratu du, Ezin dugula “ahaztu   gure entitate eta  enpresetan lanean hasten ari den gazteria berria elebiduna dela neurri handi batean eta euskaraz lan egiteko aukera eskaintzea dagokigula gu denoi”.

Bukatzeko, nabarmendu du Arabako Foru Aldundiak badakiela “euskararen sustapenak babesa behar duela, horregatik, ahalegin berezia ari da egiten plangintza prestatzen ARABAN EUSKARA SUSTATZEKO PLAN ESTRATEGIKOAren bidez”.

Sariketa kooperatiboa, irribarretsua, zaporetsu

Aurtengo bost irabazleek, ekitaldian bertan ezagutarazi dituztenak, harriduraz jaso dituzte sariak, eskerrak eman dituzte eta aurrera begira euskaraz lan egiteko bidea egiten jarraituko dutela adierazi dute, finkotasunez eta emandako pausoez arro.

Lehenengo saria Aiaraldea Kooperatiba Elkartearentzat izan da; aurkezleen hitzetan, “Komunitateari plaza komunikatibo ireki bat eskaintzen” diotelako, baina “komunikabide bat baino gehiago osatzen dutelako. Herritarrei eta kolektibitateari eragiten dieten esparru guztietan euskaraz egituratuko diren proiektuak sustatzera bideraturiko kooperatibaren gidari dira”. Gainera, nabarmena da 2010etik Bai Euskarari Ziurtagiria dutela, “Zerbitzua eta Lana euskaraz” maila.

Begiristainek eman dio sarrera bigarren saridunari, Trebiñu Sagardotegiari. Arabako denboraldia piztu eta txotx garaia ospatzen duten bezala, Lazarraga Sariak opatzea dagokiela nabarmendu du aurkezleak, “Araban euskaraz topa egiteagatik”. Gainera, esan beharra dago, Bai Euskarari ziurtagiriaren “Bidean” maila dutela eta ingurukoentzat erreferente bilakatu direla. Pilar García de Salazar-ek, Arabako Foru Aldundiko Diputatu Nagusiordeak eman die saria.

Hurrengo irabazlea irribarre osasuntsu batekin aurkeztu dute: Baiona Hortz Klinika. “Odontologiako zerbitzu integrala eskaintzen dute; osasuna, osasuna, materialen kalitatea eta zehaztasun zientifikoa bermatzen dute, konfiantzatik eta, nola ez, euskaraz”. Klinikak ere, aurrekoak bezala, Bai Euskarari “Bidean” ziurtagiria du.

Laugarren saridunak zapore ezin hobea utzi dio emanaldiari. Gastronomian, okigintzan eta gozogintzan eskarmentu handia duen Gamarrako Ostalaritza Eskolak jaso du aitortza. Amenabarrek adierazi bezala, “profesionalei begira lan egiten dute, etorkizuneko goi mailako ostalariei begira. Arreta. Hobekuntza. Kalitatea. Berrikuntza. Lan mundurako prestakuntza. Horiek dira haien balioetako batzuk, euskaratik eta euskaraz eskaintzen dituztenak. Arabako Ostalaritzaren etorkizuna euskaraz izan dadin lan egiteagatik jaso dute saria”. Rober Gutiérrezek, Bai Euskarari Elkarteko zuzendariak egin die aitortza.

Azken aitortza berezia izan da, umorez eta terrorez jantzita etorri da Lazarraga Sarien bosgarren edizioko bosgarren irabazlea: Paul Urkijo, Errementari pelikularen zuzendariak, zinemaren industrian, lanean, bizitzan… euskara bide hoberenetik zuzentzeagatik jaso du saria. Arabako Foru Aldundiko Ahaldun Nagusiak eman dio saria.

Lazarraga sarien bosgarren edizioa Arabako euskarazko erritmoarekin, indarrarekin eta emozioarekin hasi eta agurtu dute saridunek hainbat entitatetako, merkataritzako, ostalaritzako, administrazioko…  ordezkaritza zabalarekin, Araban euskaraz lan egiten jarraitzea helburu.

Argazki guztiak hemen:

Lazarraga Sariak 2018

Utzi zure iruzkina

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude