Araban, lana euskaraz dator

Top Euskara + Euskaragileak jardunaldia egin zen asteazkenean, azaroaren 13an, Gasteizko EGA Master enpresan. SEA – Arabako Enpresariak elkarteak antolatu zuen, Bai Euskarari Elkartearen laguntzarekin, Arabako Foru Aldundiak babesten duen Lanabes – Araban Euskara Lanean egitasmoaren barruan.

EGA Masterreko zuzendari Aner Garmendiaren hitzaldiaz gain, Oiher Arantzeta Fagor Automationeko Euskara koordinatzaile ohiaren azalpena ere entzun ahal izan genuen. Hizlariez gain, bertan izan ziren, Lexuri Ugarte, Arabako Foru Aldundiko Euskera eta Gobernu Irekiaren zuzendaria, Aitor Otaola SEA – Arabako Enpresariak elkarteko zuzendari albokoa, Rober Gutiérrez Bai Euskarari Elkarteko zuzendaria eta beste zenbait enpresa eta erakundetako ordezkariak ere: Tasfor proyecta, Uriarte industrial, BIC Araba, Arabako ALEA, Laneki elkartea, Emun, Arabako Foru Aldundiko Ekonomia Garapena eta Euromex.

Araba, euskaraz lanean

Arabako Foru Aldundiko Lexuri Ugartek adierazi duen bezala, Arabako lurraldeak, enpresekin bat egin du aurrera euskararen garapenean; “kontuan hartu behar da Araban, 35 urtetik beherako biztanleen %80k euskara ulertzen duela”. Ildo horretatik, enpresetan hizkuntza egoerari erreparatzeko eta euskararen erabileran indarrak jartzeko garrantzia nabarmendu du eta adierazi du Arabako Foru Aldundiak 50 langiletik gorako 200 enpresen artean lanketa egiten ari dela, euren euskara egoera aztertzeko.

Gainera, Ugartek azpimarratu du 2020ko euskaraldian enpresek paper berezia izango dutela.

EGA Master esperientzia

Prozesuetan segurtasuna eta efizientzia behar duten industriak dira EGA Masterren bezero. Mundu guztian saltzen dira EGA Masterren erremintak; %90 Espainiatik kanpo.

EGA Masterrek Bai Euskarari Ziurtagiria du, ‘Bidean’ maila, eta euskararen aldeko urratsak egiten ari dira Gasteizko lantegian. Garmendiak jardunaldian esan zuenez, euskararen aldeko jarrera ez da merkatuak eskatu dien zerbait, bi arrazoi nagusi nabarmendu zituen: euskara maite dutelako eta euskaraz ikasketak egin dituen horri lanean ere euskaraz bizitzeko aukera emateagatik. Izan ere, Garmendiak uste du, talentua aurkitzeko unean euskara darabilten enpresak “erakargarriagoak” izango direla langile horientzat. Gaineratu zuen “euskararen tsunamia” badatorrela eta jendeak “geroz eta gehiago” eskatuko duela euskaraz lan egitea.

Euskara darabilte EGA Master barruan (idatziz zein ahoz) ahal duten guztietan eta baita harreman komertzialetan ere.

Horrez gain, erreminten inguruko terminologia hiztegia eginda dute Elhuyarrekin batera.

Fagor Automationeko erronka

Fagor Automationen urteak daramatzate Euskara Plana garatzen. Oiher Arantzeta izan da bertako Euskara koordinatzailea 2019ko hasierara arte eta eman dituzten pausoen inguruan hitz egin zuen. 1999an hasi ziren euskararen aldeko urratsak ematen lantegian eta 2001a ezkero Euskara Plana dute. Anbizio handiko erronka dute orain esku artean: 2024rako hala nahi duen edozeinek euskara egin ahal izatea edozein bileratan. Horretarako zenbait urrats ematen ari dira:

  • Lanpostu estrategikoetan (zuzendari postuetan, adibidez), euskara ikasteko eskaintza pertsonalizatuak.
  • Euskara ikasteko eskolak lan orduetan.
  • TELP formazioa euskara dakitenendako.

Gaur egun langileen %83k ulertzen du euskaraz. Nahi dutena da 0era iristea.

Esperientziak elkartrukatzea

Top Euskara + Euskaragileak jardunaldi honen helburua izan da enpresa baten praktika onak ezagutzea eta praktika horiek beste enpresa batzuetan txertatzea. Hala, gainerako enpresek euskararen arloan EGA Masterren eta Fagor Automationen egin dituzten praktika onen inguruko informazioa jaso zuten lehen eskutik, gero beraien enpresetan martxan jarri ahal izateko.

Guztien arteko mahai-inguru interesgarria sortu zen eta, bukatzeko, EGA Master lantegia barrutik ezagutzeko parada izan zuten parte-hartzaileek.

Top Euskara + Euskaragileak jardunaldia

Utzi zure iruzkina

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude