Arabako enpresetan, euskara Lanabes

Lanabes, Araban Euskara Lanean, egitasmoko talde eragileak “ARABAN, EUSKARA LANABES” izeneko jardunaldia ospatu du proiektuaren ibilbidea partekatzeko eta Arabako alor sozioekonomikoa euskalduntzeko erronkak irudikatzeko. Elkarte, enpresa eta administrazioko 50 lagun inguru elkartu dira Arabako Industria eta Merkataritza Ganbaran eta aurrera begira elkarlanean jarraitzeko indarrak batu dituzte.

Pilar Garcia de Salazar-ek, Arabako Foru Aldundiko Diputatu Nagusiordeak, eta Igone Martinez de Lunak, Euskara, Kultura eta Kirol saileko Foru Diputatuak, eman diote hasiera ekitaldiari, Lanabes taldearen xede nagusia zein den azpimarratuz: Arabako alor sozioekonomikoan euskararen presentzia txertatzea, sustatzea, handitzea eta bitartekoak zein ereduak eskaintzea.

Horrekin batera, taldearen sorreratik gaur arte Arabako eremu sozioekonomikoan emandako pausoak nabarmenak izan direla adierazi dute, balorazio positiboa eginez. Izan ere, diputatuek esan bezala, Araban gero eta jende gehiago ohartzen ari da euskara sustatzeak eta erabiltzeak ekar ditzakeen onurez eta gehitu dute “enpresen eta entitateen sarea ehuntzen jarraituko” dutela “komunitateari euskara balio gehigarri gisa txerta dezaten laguntza, tresnak eta baliabideak eskainiz”.

Ondoren, Lanabes egitasmoaren ibilbidea errepasatu du du Rober Gutiérrez-ek, Bai Euskarari Elkarteko zuzendariak eta gaur egun eskaintzen dituen aukerak azaldu ditu, sortu berri duten eskuorri baten bidez.

Saioa sinplea eta dinamikoa izan da, parte-hartzea errazteko eta aurrera begirako ideia eta hausnarketa eraginkorrak lortzeko. Gonbidatuak mahai ezberdinetan banatu dira eta solasaldirako ariketa ezberdinak aurkeztu ditu Gutiérrez-ek: LANABES proiektuak Arabako alor sozioekonomikoan euskara sustatzeko 2015etik egin duen ibilbidearen ideia nagusiak atera; horretan oinarriturik, esan zer egin den ondo eta zer indartu behar den; eta, bukatzeko, aurrera begirako proposamenak egin.

Amaitzeko, Ideia guztiak mapa bisual batean jaso dira eta jardunaldiari bukaera eman diote datozen urtetako fokoa zein den argituta: Arabako entitate eta enpresetan euskara sustatzeko sentsibilizazioan eragin eta ereduak, laguntza, baliabideak eta aukerak eskaini, elkar-lanean eta ilusioz.

 

Argazki guztiak:

Araban Euskara Lanabes

Utzi zure iruzkina

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude