Enpresetan euskararen erabilera areagotzeko pilotajea

Arabako enpresei bidea erraztu behar zaie eta, Lanabesetik, gure laguntza eskaini nahi dugu. Metodologia ulergarri eta pilotaje erraz eta doako baten bitartez,  enpresetan euskararen presentzia eta erabilera areagotzeko laguntza eskainiko dugu, zerbitzua eta lan hizkuntza izateko ibilbidea zehazten.

Urrats horiek emateko gonbitea luzatu dugu, ibilbide horretan bidelagun izango gara eta erakundearen hizkuntza egoera hobetzeko baliabideak eskainiko ditugu, esate baterako, hizkuntza-egoera ezagutzeko baliagarria den auto-diagnostikorako aplikazioa, praktika egokiak eta eredugarriak, inprimaki-ereduak, etab. Horren arduraduna Bai Euskarari Elkartea izango da. Datozen egunotan, haien teknikariak harremanetan jarriko dira enpresekin prozesu honetan esku hartzeko aukera proposatzeko. Bai Euskarari Elkarteak hizkuntza irizpide egokiak definitzen lagunduko die entitateei, jarduerari hobekien egokitzen zaizkionak; eta aholkua emango die jarraitu ahal diren pauso eta neurriei buruz. Bitartean, Ziurtagiriari buruzko informazioa osatzeko, www.baieuskarari.eus webgunea kontsulta daiteke.

Pilotaje prozesuan parte-hartu nahi duten enpresek Lanabesekin jar daiteke harremanetan e-postaz, info@lanabes.eus helbidera idatzita edo zuzenean Bai Euskarari Elkartearekin harremanetan jarrita, e-postaz: info@baieuskarari.eus edo telefonoz: 945215196  / 677415084

Arabako Foru Aldundiak sustaturiko Lanabes – Araban Euskara Lanean proiektuaren helburu nagusia da Arabako Lurralde Historikoaren alor sozioekonomikoan euskararen presentzia txertatzea eta handitzea. Araban gero eta enpresa gehiago ari da euskara euren eguneroko kudeaketan barneratzen, bezeroekiko zein hornitzaileekiko harremanetan erabiltzen, hizkuntza paisaian, barrura eta kanpora begira. Aldaketak ari dira ematen eta, pixkanaka, euskara sustatzeak eta erabiltzeak ekar ditzakeen onurez ari dira jabetzen enpresak, saltokiak eta era guztietako entitateak.

Lanabesen bidez Arabako alor sozioekonomikoan zeresana duten enpresen eta entitateen sarea ehundu nahi dugu. Talde eragilean, izaera desberdineko entitateak ari gara parte hartzen (Arabako Foru  Aldundia, SEA – Arabako Enpresariak, Arabako Merkataritza eta Industria Ganbara,  Aenkomer, Oreka IT, Electra Vitoria, Laneki eta Bai Euskarari) eta proposamenak adosten ari gara lankidetzan bideratzeko.

 

 

Utzi zure iruzkina

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude