Hemengo garia, hemengo ogia

Araban ereindako gariarekin egindako ogiaren bideragarritasuna aztertzeko ikerketa egin du Iudari Elkarteak. Probako proiektu bat abiatu dute, eta aurki izango dituzte emaitzak.

2017-04-01 / Alaitz Armendariz

Hementxe bertan daukagu garia, zerealak, zekalea… Eta ogia egiteko irina kanpotik ekartzen dugu». Txema Pascual okinak argi dauka erabat «kontraesankorra» dela zereal ugari duen lurralde batean irina beste toki batzuetatik ekartzea. Arazo horri aurre egiteko eta tokiko produktuen alde egiteko, azterketa bat egin du Trebiñuko (Araba) Iudari elkarteak. Eta atera duten ondorioetako bat izan da kontsumitzaileek badutela interesa ogi «osasuntsua, kalitate onekoa eta bertakoa» erosteko. Lau okinek salduko dute Araban ereindako gariarekin egiten duten ogia, eta jendearen erantzuna aztertuko dute. Helburua 2017an «Arabako lehen ogia» egitea izango da. Egitasmoaz hitz egiteko, apirilaren 4an Arabako garitik okindegira errotatik igaroz jardunaldia antolatu dute Gasteizko Artium museoan.

Txostena egiteaz arduratu den Eider Eguskitza ikerlaria izango da bertan, besteak beste. Ikerketa egiteko, Eguskitzak hainbat nekazari, okin eta ekoizlerekin hitz egin du. Azaldu duenez, Arabako EH Bildu taldeak «diru kopuru bat» erreserbatu zuen nekazaritza arloko egitasmoak aurrera eramateko, eta Iudari elkarteari enkargatu zioten tokiko gariaren inguruko azterketa bat egitea. Hala, aurreko urtean egin zituzten lehen ikerketak, eta Arabako zelaietan uda honetan batuko duten garia erein zuten. «Gari mota desberdinak erein ditugu, eta Gasteizko lau okini emango dizkiegu, haiek ogia egin eta jendearen erantzuna ikusteko». Hala, urte amaierarako izango dituzte proiektuaren emaitzak.

Eguskitzaren hitzetan, handikap handi bat topatu dute ikerketan: Araban harrizko errota handirik ez egotea. «Egitasmo honetarako Urizaharran, Gurendesen eta Muniainen dauden harrizko hiru errota baliatuko ditugu, eta Kanpezuko beste bat, zilindroen bidez dabilena». Lurraldean geratzen diren beste errota zaharrak konpontzeko «inbertsio» bat egitea beharrezkoa izango litzateke. «Baina, hori egiteko, lehenbizi prozesua bideragarria den jakin behar dugu».

Ogi ekologikoa eta tokikoa

Ikerlariak azaldu du okindegi batzuek Kataluniatik ekartzen dutela irina, ez dutelako inguruan topatu. Txema Pascual Artepan okindegietako arduradunak, adibidez, hala egiten du. «Irinaren negozioa polarizatu egin da, eta, orain, Araban irin lantegi txiki bat soilik geratzen da, Kanpezun». Horrek egoera «bitxiak» sortzen ditu: «Nik ezagutzen dudan ekoizle batek espelta egiten du hemen ondoan, baina Lleidara bidaltzen du gero, eta, ondoren, Lleidatik erosten diot nik». Pascualek zuzentzen dituen Artepan okindegietan egitasmo horretan erein duten gariz egindako ogia salduko dute irailetik aurrera, halako egoerak ez gertatzea xede.

Ogi hori ekologikoa izango da. Izan ere, ogi bat«benetako» ogi ekologikoa izateko, zero kilometrokoa izatea beharrezkoa dela iruditzen zaio, eta ziur dago hori lortuz gero bezeroek «asko» eskertuko luketela. Horrez gain, garrantzitsutzat jo du iringileen lana. «Okinak eta ekoizle asko badago, baina iringileak falta dira. Irina egiteko prozedura oso garrantzitsua da, eta jakintza hori duten pertsonak behar ditugu», nabarmendu du. Pascualez gain, beste hainbat okin elkarrizketatu ditu Eguskitzak ikerketarako, baina ez guztiak. «Okindegi enpresa handiek ez digute informaziorik eman nahi izan».


Iturria: Berria

Utzi zure iruzkina

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude