Lanabes egitasmoa, Araban euskara sustatzeko

Lanabes – Araban Euskara Lanean egitasmoaren helburu nagusia da Arabako alor sozioekonomikoan euskararen presentzia txertatzea, sustatzea eta handitzea. Araban gero eta enpresa gehiago ari da euskara euren eguneroko kudeaketan barneratzen, bezeroekiko zein hornitzaileekiko harremanetan erabiltzen, hizkuntza paisaian, barrura eta kanpora begira. Aldaketak ari dira ematen eta, pixkanaka, euskara sustatzeak eta erabiltzeak ekar ditzakeen onurez ari dira jabetzen enpresak, saltokiak eta era guztietako entitateak.

2017an Arabako enpresa eta praktika egokiak eta eredugarriak identifikatzen dihardugu , bai eta (euskaraz ere lan egiten duten) Arabako enpresen zein profesionalen interesekoak izan litezkeen gaiak, eta horien berri zabalduko da, www.lanabes.eus webgunearen bidez edo-eta maiztasun jakin batez burutuko diren foro presentzialen bidez. Urratsak eman behar dira kontzientziazioa eta sentsibilizazioa lantzeari begira, kontuan hartuta Arabako Lurraldean enpresei/ establezimenduei begira euskararen sustapenerako dagoeneko garatzen ari diren ekimenak.

Lanabes egitasmoaren taldea aurkezpen ekitaldian

LANENPRES gida aterako da, ikasleen enpresa-egonaldia euskaraz egiteko gida enpresentzat. Bere helburua izango da enpresako eta lanbide Heziketako euskararen erabilera normalizatzea. Praktikak, Duala edo proiektuak egiten dituzten ikasleekin, bezeroekin eta langileekin, euskaraz aritzeko baliabideak eskaintzea. Udazkenean aurkeztuko da gizartearen aurrean, eta LANABESen jokaera zabalaren adibide da.

Komenigarritzat jo da Gasteizko Udalak burutu duen “Gasteizen BAI” kanpaina Araba osora hedatzea, “Araban BAI” lelopean, dagokion segimendua eginez. Helburu horrekin, Arabako enpresetan euskara zerbitzu eta lan hizkuntza izateko ibilbidea zehaztuko da. Metodologia erraz eta bideragarrien bitartez (plan pilotuak, Bai Euskarariren metodologia…) eta ereduak (planak, inprimakiak…) zein erraztasunak eskainiz (baliabideak, laguntzak…) euskararen presentzia handitzen joango gara Arabako enpresetan/ establezimenduetan.

Azkenik, administrazioaren lidergoa eta eredugarritasuna lantzera goaz. Arabako gizarteak eta administrazioek jauzi handia eman dute azken 30 urteetan euskararen ezagutzari dagokionez, eta kontratazio erabakiak hartzen diren mahaietan euskara gaitasunak ere baloratzeko garaia da. Horregatik, beste lurraldeetan eta administrazioetan dauden esperientziak bilduko dira dosier batean.

Hemen duzue Lanabes – Araban Euskara Lanean egitasmoaren aurkezpen bideoa:

Utzi zure iruzkina

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude